XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aurkeztu dugun Gizarte Zientzietako helburua lortzeko, metodologiak ere aldaketa batzuk izan behar ditu:

Irakasketa prozesuak aktiboagoa izan behar du; beraz, ikaslea ez da buruz ikasten bakarrik arituko, hainbat gaitasun garatzeko prestaturiko jarduerak landuko baititu.

Horretarako jarduera erakargarriak izan beharko dute, ikaslearen hurbileko egoerak islatzen dituztenak.

Irakasketa esanguratsua izan dadin, edukiak ikasleak dakienaren gainean ezarri behar dira; alegia, aurretik ikasitakoaren gainean erantsi behar dira eduki berriak ere, era esanguratsuan barneratuz; horrela bere ezaguera egituratu eta gerorako oinarri izateko.

Ikasleak izan behar du bere ikasketa-prozesuaren egiazko protagonista, bakarka eta elkarlanean; beraien arteko lan kooperatiboa ere bultzatu beharko da, ezaguerak barnera ditzaten.

Beraz, irakaslea ez da informazio-emaile eta kontrolatzaile soila izango, ikasleen gidari eta aholkulari baizik.

Helburu didaktikoetan oinarrituta egingo da ikasketa-prozesua. Horiek lortzeko jarduera-tipologia desberdina baloratuko da; gaiak induktiboki edo deduktiboki landuko dira, eta horren arabera aldatuko dira jarduerak. Ikasleak erraz beregana ditzakeen edukiak induktiboki lan ditzake askotan, horretarako ikerketen bidez metodo zehatzak erabiliz.

Bestalde, kontzeptu berri eta zailak direnean deduktiboki landuko dira gehienetan, irakaslearen informazioa eta azalpenak beharrezkoagoak izango baitira.

Hau erabakitzeko garaian ikaslearen adina eta bere gaitasunak ere kontuan izango dira.

Dibertsitatea ere kontuan hartzen da; helburu didaktiko bakoitzaren barnean jarduerak zailtasunaren arabera mailakatuta egongo dira.

Gutxieneko helburu didaktiko horiek lortzeko egin beharrekoak diren lehen mailakoak, eta hemendik aurrera hirugarren mailakoak azalduko zaizkigu.

Unitate Didaktikoaren diseinua

1.- IKAS-NORABIDEA

Unitate bakoitzean zer egingo den eta zertarako, hau da, irakas/ikas helburuak, era esplizituan agertzen zaizkio ikasleari.

2.- Unitatea helburu didaktikoka ordenaturik agertzen da; ikaslearen liburuan helburu didaktiko bakoitzeko hitz klabea orrialde orotan izenburu bezala agertzen da.

Horrela, aski da gainbegirada bat helburu-aldaketaz jabetzeko, hitz klabe hori aldatu egiten baita.

3.- Helburu didaktiko bakoitzeko jarduera-tipologia osoa agertzen da, eta helburu bakoitzaren barnean aplikazio, ikerketa eta informazio jarduerak behar hainbat aldiz errepikatzen dira.

(a) hasierako jarduerak, hauen artean hastapenak, motibazioa eta azterketa-jarduerak sartu behar dira beti.

(b) garapeneko jarduerak, ugarienak dira eta hauen artean aurkitzen ditugu informazio, ikerketa eta aplikaziokoak.

Hauen ordena ezberdina izango da, aukeratutako ikasketa-estrategiaren arabera; honela, adibidez, hartzeko den ikasketa bati informazio-jarduerekin emango diogu hasiera; aurkikuntzarako den ikasketa bati, ordea, ikerketa-jarduerekin.

Gogoan izan behar da hemen ez dagoela eduki eta une guztietarako balio duen ikasketa-estrategia bakar bat; beraz, irakasleen egitekoa da ikasleen egoera, ingurunea, baliabideak etab. kontuan izanik, egokiena aukeratzea.

Dena dela, ez da ahaztu behar ahalik eta ikasketarik esanguratsuena lortzea dela garrantzitsuena, eta hau azaldutako edukiak hartzearen bidez nahiz ikerketa bidez edota era biak batera erabiliz lor daitekeela.

Hala ere, azalpenezko irakaskuntzara gehiegi ez jotzeko kontu izan behar da, informazioa lortzeko zailtasunak hala eskatzen duenean da hau egokia.

(c) amaierako jarduerak, lortutako emaitzak ikusi behar dira, jarri ziren helburuak kontuan izanik (aplikazio-jarduerak eta azken ebaluazioa edo sintesia).